Historia

Portuaren irudi zahar bat

Badirudi erromatarrak Ranes aldean bizi izan zirela, hau da, La Arena eta Kardeo arteko inguruan. Bertan, 1969 urtean, Erdi Aroko nekropoli baten ondoan erromatarren nekropoli bat agertu zen.

Antzinatik biztanleek itsasoko lanetan jardun izan dute gehien bat eta, horrekin batera, nekazaritzan zein abeltzaintzan. Itsasoko lanetan jardutearren, Zierbenakoek ondoko izengoitia jaso zuten: galipo, hau da, arrantzaleek erabiltzen zuten saskiaren izena; otar horretan garraiatzen zituzten eguneko janaria, itsasorako jantziak, suestea eta, arratsaldean, etxera itzultzean eguneko banaketa egitean zegozkien arrainak.

Zierbena Muskizko haranaren barruan zegoen. Muskizko harana Enkarterri eskualdea osatzen zuten 9 haranetarik bat zen. Goiz Erdi Aroan, partikularren ekimenenez eraturiko lehenengo monasterioak edo parrokiak sortu ziren haran horietan eta, gero, gune horien inguruan herrixkak hazi ziren. Herrixka horiek indarra hartuz joan ziren herri iraunkor modura eta, denboraren poderioz, sendotuz joan ziren administrazio-erakunde bilakatu arte: horra hor kontzeju izenekoaren sorrera. Geroago, parrokia-kontzeju horietatik beste erakunde-mota bat sortu zen: errepublika. Horrenbestez, Somorrostro harana zatikatu egin zen hainbat errepublika zein udaletan: "Cuatro Concejos" (Zierbenako San Roman, Abantoko San Pedro eta Santa Juliana eta Muskizeko San Julian) eta "Tres Concejos" (Santurtziko San Jorge, Sestaoko Santa Maria eta Trapaga Araneko San Salvador).

1842 urtean Abantoko San Pedro eta Santa Juliana, eta Zierbenako San Roman kontzejuek udalerri bateratua osatu zuten: Abanto eta Zierbena. Baina, 1878 urtetik hasita Zierbenak banatzeko lehendabiziko ahalegina burutu zuen; bigarrena, 1941 urtean egingo zuen; eta, azkenik, prozesu bukaezin baten ostean, 1995 urtean, hain zuzen, Zierbenak bere askatasuna lortuko zuen.

Zierbenako deiturarik gehienak Gipuzkoatik datoz (Goiherri). Hauek hona heldu ziren, besteak beste, Abanto eta Muskizen arteko mugan dagoen Montañon 1874 urtean gertaturiko II. Karlistadagatik. Halaber, arrantza eta abeltzaintza aktibitateak gazteak erakarri zituen, baita zenbait maisu ere, geure herrian behin-betiko bizitzea erabaki zutenak.