Agenda

 

Datorren ostegunean, hilak 31, Zierbenako Udaleko osoko bilkura egingo da eta, bertan, udal ordezkaritza duten alderdiek proposatutako hamar gai jorratuko dira. Modu horretan, bideak garbitzeko, kaleak eta errepideak ureztatzeko, parkeak eta lorategiz hornitutako lekuak kontserbatu eta mantentzeko, Zierbenako zuhaiztiak kimatu edota garbitu eta landa-bideei sastraka kentzeko zerbitzuari buruzko prozeduraren gaineko auziez arituko dira, eta kontratazio mahaia eratzeko izendapenak egingo dira.

Udalbatzan, udalerriaren Hiri Antolamenduaren Plan Nagusi berria egiteko eta idazteko prozedurari ekingo zaio eta  Zierbenan erroldaturik daudenei kiroldegiko tasak murrizteari buruzko mozioak aztertuko dira. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak El Puerto hondartzako sorospen-zerbitzua kentzeko hartutako erabakiaren gainean arituko dira eta Zierbenan fracking izenekoa ezartzeari buruz hitz egingo dute, bestelako gaien artean.

Azkenik, Eugenio Barquín Martínez de Lizarduy zinegotziaren idazkiaren berri emango da; horren arabera, bere dimisioa jakinarazi da, arrazoi pertsonalak direla-eta. 2003-2007 legegintzaldiaren erdialdetik, hainbat funtzio gauzatu ditu udal ordezkari gisa.

Udalbatzan baja hau aurkeztu ondoren, Asier Uranga proposatuko da gobernu taldeko kide berri gisa. Eskaera hautes-bulego nagusira igorriko da, izapide mota hauetan ohikoa den legez eta itxaron egingo da hura onartu arte. Ondoren, beste osoko bilkura bat deituko da, gainerako alderdi politikoei onarpen horren berri emateko.