Albisteak

 

Euskara Eskura Txartela Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Sailaren ekinbide bat da, bizkaitarren euskalduntzea sustatu eta doakotasuneranzko urratsak eman nahi dituena, helduentzako euskararen irakaskuntzan dihardutenen sektorea indartuz.

Deskontua egiteko bonu bat da, 2016- 2017 ikasturtean programari atxikitako euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan matrikula egitean erabiliko dena. 2015-2016 ikasturtearen lehenengo deialdian, euskararen A1, A2 edo B1 mailak gainditu behar izan dituzte programari atxikitako euskaltegiren batean edo autoikaskuntzarako zentro homologaturen batean eta Bizkaian erroldatuta egon behar da deskontubonua izateko.

"Euskara Eskura Txartela" programan izena emateko epea 2016ko uztailaren 1ean zabalduko da 2016ko uztailaren 22ra arte, izena www.bizkaia.eus/euskaratxartela web orrian eman behar da.

Bizkaian erroldatuta dauden pertsona guztiek izango dute aukera "Euskara Eskura Txartela" (EET) programaren deskontu-bonua erabiltzeko; horretarako, 2015-2016 ikasturtearen lehenengo deialdian, euskararen A1, A2 edo B1 mailak gainditu behar izan dituzte programari atxikitako euskaltegiren batean edo autoikaskuntzarako zentro homologaturen batean. Maila horiek gainditzeaz gainera, ikastaro presentzialen kasuan, eskolaorduen % 75era joan behar izan dute; autoikaskuntzaren kasuan, berriz, ikastaroaren ordu teorikoen % 7,5ean mintzamen-saioetara joan behar izan dute.

EET txartelak izendunak eta besterenezinak izango dira, eta hiru kategoria hauetakoak izan daitezke:

  • A1 motako Euskara Eskura Txartela: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 150 eurokoa izango da bonua.
  • A2 motako Euskara Eskura Txartela: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 200 eurokoa izango da bonua.
  • B1 motako Euskara Eskura Txartela: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 300 eurokoa izango da bonua.

2016-2017 ikasturtean matrikula egiteko EET txartelak aurkeztu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak deskontuen ordainketak zuzenean izapidetuko ditu euskaltegiarekin edo autoikaskuntzarako zentro homologatuarekin.